
Gaurkoan Lezo Herri Eskola ikastetxean lanean ari den Itziar Artola irakaslea dugu, lehen hezkuntzako bigarren zikloko irakaslea, hain zuzen ere. Eskola ezberdinetan aritu da lanean eta ia 30 urte horietan bizitzako esperientzia desberdinak adierazteko gogoarekin etorri zaigu.
Arratsalde
on Itziar, beno lehenik eta behin, mila esker elkarrizketa hau egitea
onartu izanagatik, badakigu grabazioaren kontuak ez zintuela
konbentzitzen baina esfortzu hori egiteagatik eta gure lana aurrera
eraman ahal izateko denbora atera izanagatik ere eskerrak ematen
dizkizugu. Beno ba hasiko gara.
-
Nola jakin zenuen lanbide hau zela zuk egin nahi zenuena, hau da,
zerk bultzatu zizun irakasle izatera?
Beno
beharbada, lanean hasi eta gero konturatu nintzen hori zela nere
lanbidea, hau da, ez hasi baino lehen, zeren hasi baino lehen ez nuen
asko konplikatu nahi eta pentsatu nuen magisteritza zela konplikazio
handirik gabeko ikasketa bat. Orduan matrikulatu nintzen eta gero,
lanean hasi eta gero konturatu nintzen asko gustatu zitzaidala. Hori
bai umeak beti gustatu izan zaizkit.
-
Noiz hasi zinen irakasle lanetan? Zein eskolatan?
Begira
ba ni 1984.urtean hasi nintzen irakasle lanetan, Zestoako Arrona
herri txiki batean. Momentu hartan bi gela bakarrik zeuden, batean
haur hezkuntzakoak eta 1.mailako guztiak eta beste gelan 2. mailatik
6.mailararteko ikasleak eta nik hor ematen nituen klaseak. Aste osoan
han geratzen nintzen lo egiten eta astebururako etxera etortzen
nintzen.
-
Oroitzen zara zure lehenengo klase egunaz?
Ba
bai, begira oso ondo gogoratzen naiz zeren esan zidaten Arronara joan
behar nuela eta nik ez nekien Arrona bi auzo direla, goiko arrona eta
beheko arrona. Orduan eraman ninduten kotxean eta utzi ninduten goiko
arroan. Han geratu nintzen nere maletekin eta hasi nintzen pertsona
bati galdetzen: eskola non dago? Hark esan zidan: ez, hemen ez dago
eskolarik. Nik erantzun nion: bai bai neri esan didate Arronan
badagoela eskola. Pertsona hark erantzun zidan: a bai, baina eskola
beheko arronan dago. Orduan maletak hartuta, ez dakit zenbat
kilometro oinez egin eta gero, iritsi nintzen 11etan edo horrela
eskolara. Beraz ikusi zer estrenoa eduki nuen.
-
Zein izan da ikasle batekin izan duzun egoerarik zailena? Nola egin
diozu aurre horri?
Beno,
oso zaila da kasu bat bakarrik gogoratzea, zeren eskola askotatik
pasa naiz, urte asko daramatzat lanean eta ikasle asko izan ditut
baina beno orokorrean egoera zailenak izan dira ikasle
disruptiboenak. Ikasle hauek normalean dira barrutik gaizki
daudenak, ezintasun handia dutenak eta orduan bere ezintasun hori
ingurukoekin sartzen kanporatzen dute. Orduan zuk saiatu behar duzu
haiekin konektatzen baina oso zaila egiten da, izan ere energia
guztia xurgatzen dizute, orduan ikasle horiekin eduki behar da
pazientzia ikaragarri handia, irmotasuna, maitasuna eta beraz egoera
hauek oso nekagarriak dira luze mantentzen direlako eta orduan oso
neketsua da.
-
Gurasoekin edo beste irakasle batekin egon al zara egoera zail
batean? Nola egin diozu aurre horri?
Ba
egia esan suerte handia eduki dut alde horretatik. Gurasoekin ez du
gogoratzen egoera zail bat ere eta beharbada gaizki pasatu izan dut,
haien seme alabaren batek ez duelako aurrera egiten eta ez dudalako
asmatzen nola egin, baina gurasoekin ez dut arazo larririk izan eta
lankideekin orokorrean ere oso ondo moldatu izan naiz, batzuekin
hobeto besteekin baina harremana ona izan dut normalean, beraz alde
horretatik ondo.
-
Irakasle lanean pasa dituzun urteetatik, zein izan da esperientziarik
ahazteziena, bai ona bai txarra?
Ba
ni ez naiz esperientzia handi batekin geratzen, momentu txiki batzuk
aipatuko nituzke, egunerokotasunean gertatzen diren horiekin,
adibidez, ikasle batek irakurtzen ikasi duela konturatu eta sortzen
zaion poza, zailtasunak dituen haur batekin konektatu eta aurrera
egiten duenean, ikasteko irrika erakusten dutela ikusten duzunean,
lan bat eginez benetan disfrutatzen dutenean, lagunekin solidaritatea
erakusten dutenean eta guraso batek egin duzuna eskertzen dizunean
edo gelan giro on bat lortzen denean. Horiek dira gogortzen ditudan
eta aurrera jarraitzeko indarra eman didaten momentuak.
-
Damutu al zara noizbait ikaskuntzan zehar egindako zerbaitetaz espero
ez zenuen erreakzio bat jaso zenuelako?
Ez
dut gogoratzen horrelako egoerarik baina bai konturatzen naiz
denborarekin gutxiago hitz egiten ikasten dudala, hori urteen
poderioz ikasten da. Askotan behar den informazioa izan aurretik,
hitz egiten da eta hanka sartzeak izan ditzakezu eta lankideren bati
mina
egin edota arazoak areagotu. Hobe da asko entzutea eta gutxi hitz
egitea, hori ikasi dut.
-
Irakasle on batek, zure ustez zer ezaugarri eduki beharko lituzke?
Lehenengo
bere lana maitatzea eta disfrutatzen saiatzea, ume bakoitzaren izaera
errespetatzea, begirunez tratatzea umeak, besteek gu tratatzea
gustatuko litzaigukeen moduan, entusiasmoa jartzea egiten duzun
lanean, ume bati lagundu ahal izateko saiakera desberdinak egiteko
prest egotea eta laburbilduz, pazientzia, irmotasuna, maitasuna eta
humore ona izatea.ina egin edota arazoak areagotu. Hobe da asko entzutea eta gutxi
hitz egitea, hori ikasi dut.
-
Uste al duzu irakasle on baten profila betetzen duzula?
Beno
hori ez dut nik esan behar, hori besteek esan behar dute, baina
saiatzen naiz al dudan hoberen nire lanean inplikatzen. Hori bakarrik
esan dezaket.
-
Zer metodo erabiltzen duzu ikasleak motibatzerako orduan?
Ba
ez dut metodo konkretu bat erabiltzen normalean. Egia da zure egoera
emozionala eta zu nola kokatzen zaren gelan azaldu behar duzun eduki
horren aurrean, kontatzeko duzun gogoa eta zure ezagutza mailak
eragin handia dutela umeek erakutsiko duten motibazioan. Orduan
zenbat eta zu lasaiago egon, inplikatuagoa, prestatuagoa eta gogo
gehieagorekin, orduan eta inplikazio handiagoa erakutsiko dute
ikasleek ere. Hori normalean oso kutsakorra da. Orduan zu gaizki
bazaude, umeak gaizki eta gogorik gabe egoten dira, beraz zu
gogoarekin bazaude beraiek ere.
-
Pazientzia handia al duzu ikasleekin?
Ni
ez naiz horretaz jabetzen baina ingurukoek esaten dute baietz
pazientzia dudala, nik ez dakit. Hala ere, egoten dira egunak eta
momentuak. Badaude momentuak pazientzia berehala bukatzen zaizunean,
baina beno orokorrean nik uste nahiko pazientzia badudala.
-
Zure ikasleekin neutrala ala beligeratea al zara?
Nik
uste nahiko neutrala naizela, baina hori zaila egiten zait niri
esatea. Beligerantea behintzat ez det uste naizenik, hori argi
daukat.
-
Eskolatik kanpo denbora asko dedikatzen diozu lanari? Eskolan azaldu
beharreko edukiei? Azterketak zuzentzeari?
Beno
azterketak zuzentzeari ez asko, 8-9 urtekoak bait dira. Ez dituzte
asko egiten eta gainera nik azterketei ez diet garrantzia asko
ematen, beraz denbora asko ez diet dedikatzen, minimoa. Informazioa
bilatzeari, lanarekin lotuta dauden liburuak irakurtzeari edo ariketa
berriak sortzeari bai dedikatzen diet denbora asko eskotik kanpo.
-
Orokorrean azterketa bateko emaitzak txarrak direlakoaren errua zurea
dela uste al duzu?
Ez
diet garrantzia handirik ematen azterketetako emaitzei, gehiago
fijatzen naiz eguneroko lanean, zer jarrera duten, ikasteko daukaten
interesa, ikasketan saiatzen diren ala ez eta hala ere gaizki ikusten
ditudanean haurrak, nire egitekoa baldintzatzen dut. Beno normalean
saiatzen naiz aldatzen, bai haurrak gaizki dihoaztenean arazoa ez da
umeena izaten, zugan edo beste gauzengan dago arazoa, ez baita
normala ikasle guztiak gaizki ibiltzea. Zure buruari galdetu behar
diozu zer ari zaren gaizki egiten.
-
Kontziente al zara zure ikasleentzat zure irudia erreferentzia
handikoa dela?
Beno
zenbait momentutan bai, baina honek zerikusi asko dauka ikasleen
adinarekin. Zenbat eta handiagoak izan ikasleak, orduan eta garrantzi
gutxiago dauka irudi horrek. 7-8 urtekoetzat, zu jaunkoikoa balitz
bezala zara eta zuk esaten duzun guztia. Gero hazi ahala, garrantzia
duzu baina ez hainbeste, garrantzi gehiena duena etxeko eragina da,
irakasleena baino.
-
Teknologia berriek hezkuntza arloan gehiegizko eragina izan dutela
deritzozu?
Beno
guk gelan oraindik ordenagilu bakarra dugu eta maila batzuetan arbela
digitala, hau da, haur bakoitzak ez dauka bere ordenagailua, baina
bai erabiltzen dugu egunero, umeek ez, guk irakasleok bai,
informazioa bilatzeko, irudiak eta argazkiak ikusteko, bideoak
ikusteko ere, abestiak eta bestsoak entzuteko eta beno alde
horretatik asko erreztu digu lana, zeren lehen informazioa bilatzea
“odisea” bat zen, joan behar zenun liburutegi, entziklopedietara,
fotokopiak atera eta orain berriz eskura daukazu hori dena. Hori bai,
batzuetan iruditzen zait umeek daukatela informazio asko, baina ez
dakitela maneiatzen hori eta orduan galdu egiten dira zurrunbilo
horretan. Askotan ez dute bilatzen bilatu behar dutena, ez dakite
bereizten garrantzitsuena dena beste guztiarengandik eta batzutan
ekartzen dituzte informazioak zerikusi ez daukatenak eskatu
dezunarekin.
-
Ikasgeletan generoa ezberdintzea onuragarria dela deritzozu? Zein da
gai hori buruzko duzun ikupegia?
Beno
onugarria ez dut uste izan daitekeenik. Eskola azken finean
gizartearen zati bat da eta gizartean ez gaude banatuak generoaren
arabera, orduan ez zait naturala iruditzen eskola bat banatzea
generoa kontutana harturik, hau da, neretzat hori antinaturala da.
-
Adin ezberdineko umeak ikasgela berean edukitzea eta heztea
ikasleentzat onuragarria edo kaltegarria dela uste al duzu?
Ba
nire ustez bai onuragarria da, zeren umeek askotan irakaslearengandik
baina askoze gehiago ikasten dute lagunengandik eta txikiek normalean
mirespena sentitzen dute adin handiagoko lagunengatik eta orduan
beraiek dakitena ikasten saiatzen dira. Handiak aldiz, ikasten dute
txikien lekuan jartzea eta txikiei esplikatzeko, bere ideiak ordenatu
behar dituzte eta ikasi dutena asko hobeto bereganatzen dute, ondo
esplikatzen saiatzen direlako. Orduan nik uste, beraien arteko
informazio trukatzea, oso oso inportantea da eta asko ikasten dute.
Ni egon nintzen lehenengo urtean Arronako eskolan, eta ikasten zuten
askoze gehiago irakaslearekin baino. 6-12 urte bitarteko ikasleak
nahasturik zeuden eta izugarri ikasten zuten. Niretzako bai, ona da.
-
Eduki al duzu noizbait arazo fisiko eta psikologikoak dituen
ikaslerik? Izan baduzu, nola tratatu eta lagundu diozu? Izan ez
baduzu, nola tratatu eta lagunduko zenuke?
Beno
arazo fisiko aipagarria izan duen haurra ez dut izan baina bai
hurbiletik jarraitu dudan ume itsu bat izan genuen eskolan. Orduan
saiatzen ginen ba beno bere materiala egokitzen ahal zen neurrian,
neurri handienean, besteek egindako lan berdinak egiteko, gelako
aktibitateak prestatzerako orduan beti genuen kontutan ume hau eta
berak egin zitzazkeen ekintzak prestatzen genituen, eskolako leku
asko ere egokitu ziren bere egoerari moldatzeko, adibidez, eskailerak
ateak zituzten goiko aldean, zutabeak forratuak, patio inguruan zinta
bat jarri zen berak jakiteko noiz bukatzen zen, hau da, mugak zein
ziren jakiteko eta besteei emandako trataera ematen saiatzen ginen
normalean. Gurasoekin bilerak maizago egiten ziren ere. Nik ume
honekin gauza asko ikasi nituen. Nik beti esaten nien nere ikasleei,
maila berdinekoak bait ziren, mutil honekin alde batetik denbora
galtzen genuela, bere eginkuzunetara egokitu behar genuelako baina
besteek gauza asko ikasi dituzte berekin, adibidez, pertsona
desberdin bat nola tratatu eta hori ikasi zituzten gauza pila bat,
itsuei buruz, errespetuari buruz, orduan ikasle horientzako oso
esperientzia ona izan zen horrelako ume bat edukitzea maila horretan
eta eskolan, zeren beste geletara ere joaten zen erakustera nola
irakurtzen zen eta nola egiten ziren gauzak. Esan behar dut, ikasle
hau oso ondo integratua zegoela, lagunekin oso ondo moldatzen zela
eta ez zuen arazorik lagunak egiteko. Alde horretatik oso ondo
ibiltzen zen.
-
Beste kultura bateko ikaslearik izan al duzu noizbait? Nolakoa izan
da ikasle horren jokabidea? Nola moldatzen zen bere ikaskideekin?
Lortu al zuen gainerako ikaskideekin guztiz integratzea?
Gogoratzen
dut Casablanca-ko Marokoko neska bat etorri zela eskolara eta justu
justu iritsi zen iñauteritako entseguak hasten ziren egunean.
Marokon eskoletan berak esaten zuenez oso zorrotzak ziren disziplina
aldetik, oso gogorrak. Orduan eskolara iritsi eta ia aurkezpenik egin
gabe, patioko pistara jetsi ginen dantza egitera, neska aho zabalik
zegoen, begiratzen ninduen esanez bezala: “baina hau al da eskola
bat?”. Erdi barrez, erdi txundituta, lotsatuta hor ibili zen
dantzan. Oso neska jatorra zen eta ez dut gogoratzen horrela
harremanetan arazoak izan zituenik neska horrek. Berehala hasi zen
euskaraz hitz egiten, zeren ez zekien gazteleraz eta orduan zuzenean
euskeraz hitz egiten hasi zen eta lanean ere. Asko saiatzen zen ahal
zuen neurrian. Beno etorkinen kontuan, nik esango nuke kasu bakoitza
desberdina dela, ezin da generalizatu, zeren haur batzuk integratzen
dira oso ondo, ez dute inolako arazorik ez hizkuntzarekin ez
lagunekin eta ez ezer eta beste batzuei berriz kostatzen zaie asko,
baina nik batzutan ez dut pentsatzen kanpotarrak direlako dela,
baizik eta bestela ere ez daudelako ondo. Orduan igual dira egoera
txarrean etorri direnak, familian arazoak dituztenak eta horiei
gehiago kostatzen zaie integratzea, baina askotan ez da kanpokoak
direlako, baizik eta beste arazo bat dutelako atzean ez dela bakarrik
hori. Denak dira desberdinak.
-
Bullying kasu baten aurrean, zein izango litzateke irakasle batek
hartu beharreko neurriak? Nola egin aurre horrelako arazo bati? Eduki
al duzu noizbait horrelako kasuren bat?
Irakaskuntzan
daramadan denbora gehiena, 1. zikloan egin dut, hau da 7-8 urteko
haurrekin eta adin horretan bullying izenaz ezagutzen dena ez da
arrunta, baina bai ikusten ditut etorkizunean ezer egiten ez badute
horretan bukatu dezaketen haurrak, bai ikusten dituzu txikitatik.
Badaude arazoak dituzten haurrak, egoera desberdinengatik gaizki
sentitzen direnak, familia egoera emozionalagatik edo egoera
ekonomiko larrian egoteagatik eta arazo fisiko edo psikiko batengatik
edo harremanen aurrean azaltzen duten jarreragatik eta orduan bai
jasotzen dute besten bazterketa, tratu txarrak zenbait momentututan,
hori txikitatik ikusten duzu. Oso inportantea da nire ustez, gauza
hauek txikitatik gelan lantzea, daukagun arazoaz hitz egitea, umeei
parte hartzen uztea, besteen lekuan jartzen ikasi behar dute,
arazoari irtenbideak aurkitzen saiatzea eta ikasi behar dute
desberdina izateak ez duela txarra izan beharrik, baizik eta
kontrakoa. Gainera, ikasi dugu askotan pertsona desberdinek gauza
berriak erakusten dizkigutela, guk ez dakizkigunak eta aberasten
laguntzen digute. Orduan ikusi behar dugu gauza aberasgarri bat
bezala eta errespetuz jokatu behar dugu. Bakoitza gara garen
bezalakoak eta hori da. Nik uste hori dela egin behar dena. Igual
bullying-era iritsi baino lehen, aldez aurretik txikiak direnean gaia
landu hori saihesteko.
-
Urteak pasa ahala, ilusio berdinarekin irakasten jarraitzen al duzu
ala desmotibatzen hasi al zara?
Ez,
ez nago desmotibatua. Ilusioa, ilusio berdinarekin jarraitzen dut.
Desberdintasuna da, askoze gehiego nekatzen naizela, zeren umeek
energia berdina daukate, gauza berdinak nahi dituzte, zeren beti
denak dira adin berdinekoak eta zu nekatzen zara askoze gehiago.
Orduan denbora behar duzu errekuperatzeko, baina ilusioa berdina
izaten jarraitzen du.
-
Zer iruditzen zaizu indarrean jarri berri den LOMCE hezkuntza
erreforma berria?
Egia
esan, oso gutxi ezagutzen dut LOMCE, entzun eta irakurri dudanagatik,
iruditzen zait zenbait arlotan atzera goazela aurrera joan beharrean.
Hala ere, ez dut ulertzen zergatik partiduek, partidu berri bat
jartzen denean aldatu behar dute beti hezkuntza proiektua. Orduan 4
edo 5 urtetik behin sartzen gara proiektu berri batean, aldaketak
daude, orduan ez daukagu denborarik bat finkatzeko eta iada hasten
gara beste berri batekin eta horrela ez gara inoiz iristen gauza bat
ondo egitera. Hori alde batetik, eta bestetik, nik uste dut partiduek
ez lituzketela hezkuntza legeak egin behar. Nik uste dut, pedagogia,
irakaskuntzan eta beste arlotan adituak direnek egin beharko
lituzketela, hau da, adituen talde bat egon beharko lukeela horretaz
arduratzen dena, hezkuntza legeak eta proiektuak aurrera eramaten
dituztenak, askotan politikan daudenak ez dakite hezkuntzaz, ez dute
eskola ezagutzen barrutik, ez dakite zer funtzionatzen duen ondo eta
zer gaizki, zer egin behar den eta horregatik nik uste dut hori
adituek egin beharko luketela, eskola barrena ondo ezagutzen dutenak
eta hezkuntza arlotan adituak direnak. Beno hori da nire iritzi.
LOMCE-ri buruz ez dakit asko, baina entzun dudana ez da batere ona
hezkuntza proiekturako.
-
Bukatzeko, kontatuko zeniguke urte hauetan izandako anekdota
xelebreren bat?
Begira,
gogoratzen dut lehenengo urtean Arronara joan nintzenean lanera,
Eusko trenen joaten ginen eta gabonetako oporren ondoren, joan ginen
trenean eta goizean elurra pixka bat egiten hasi zuen. Sartu ginen
eskolara, beno hasi zen elurra, elurra, elurra, eta azkean ba igual
metro erdiko kapa bat egin zen eta esan ziguten: itxiko degu eskola?,
orduan erabaki genuen trena hartzea eta donosti aldera etortzea.
Trena hartu genuen eta Lasartetik gindoazela trena deskarrilatu egin
zen. Orduan atera behar izan genuen trenetik, maletekin, zapata txar
batzuekin (ez zirela elurretarako eta ezer) eta maleta eta hankak
blai edukita, etorri ginen Lasartetik Donostiraino, geo Donostian
beste tren bat hartu eta etxeraino. Hau da gogoratzen dut bat.
Gero
beste bat, Hondarrabin ginela, talde bat joan zen antzerki bat
egitera eta beno niri ez zaizkit inoiz gustatu nire oinak, iruditu
zait oso itxusiak direla, eta halako batean antzerkia egiten ari
zirela, esan zidan antzerkiko gizonak: “benga andereño bat atera!
Etorri honera zu bertan”. Noski ezin nion ezetz esan, zeren umeei
esaten diegu ateratzeko eta klaro, azkenean atera nintzen eta
pentsatzen nuen zerbait egin beharko nuela. Halako batean esaten dit:
“kendu zapatak eta galtzerdiak!” Kendu behar izan nituen zapatak
eta galtzerdiak eta tipoak nire hanka altxa eta denei erakusten hasi
zen. Beno kriston lotsa pasa nuen. Hau da beste bat, baina gero
badira anekdota txiki batzuk egunero umeekin dituzunak klasean.
Adibidez,
behin ume bati azterketa batean, txikiak ziren eta esaldi bat jarri
zioten “El sol sale por...” eta berak jarri behar zuen pues por
el este edo oeste, ba haurrak jarri zuen “porque quiere”.
Horrelako gauzak ez. Edo, joan den urtean galderak egitera etorri
zirenean, kanpotik ebaluazio froga egitera, esan zieten zerbait
diputatuei buruz eta ume batek esan zuen: “nik badakit zer den
diputatua, diputatua da Cristina Borbon erregearen alaba”, eta
ebaluatzaileak esan zion: “ez, ez hori ez da diputatua hori
inputatua da”. Beste gelako bat atera zen eta galdetu zuen: “baina
ez da berdina diputatua eta inputatua?”, hau da, nahastu egiten
zituzten eta irakasleak esan zion: “beno momentu honetan ia ia
antzekoak dira”, zeren diputatu guztiak inputatuak daude. Ba
horrelako gauzak. Horrelako daude...milaka eta milaka, egunero
gertatzen diren anekdotak, baina beno ezin dira denak kontatu zeren
bestela oso luze egiten da.
Beno
Itziar bukatu dugu lanarekin. Esan beharra dugu esperientzia oso
aberagarria izan dela, irakaskuntza munduan hainbeste urtez
murgildurik egon den maestra batekin hitz egitea. Mundu honetan
murgiltzeko asmoa dugunentzat, irakasle lanetan esperientzia duen
pertsona baten aholkuak entzun ahal izatea. Irakaskuntzaren ikuspegi
helduagoa eskeini diguzu, ia 30 urteko ibilbidean oinarritutakoa.
Eskerrak besterik ezin dizkizugu eman, guregatik egin duzunagatik eta
besterik gabe, laister ikusiko garelakoan, beste bat arte!
GARAZI GALIANA ETA MAITE GONZALEZ
No hay comentarios:
Publicar un comentario